XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Emaztearen eriotzak Enrike jaunari ekarri zion okerrik aundiena, ordea, alarguntasuneko bakardadea izan zan.

Alkarren maitasun bero-beroan bizi izan diranentzako, askotan zoritxarrik bildurgarriena, au izan oi-da.

Biotzaren gaxotasunik mingotzena, noski.

Bakardade arek Enrike jaunari, esan ezin alako goibeltasun eta larria sortu zizkion.

Goizeroko eguzki berriak poz eman bearrean, barrua illundu besterik etzion egiten.

Aita alargunaren begiak etorkizun negargarria ikusten zuten.

Zortzi seme-alabatxo mai-inguruan; zortzi seme-alabatxo jazteko, ikastetxetara bidaltzeko...

Auek azitzeko, gauez lo egin eziñik egoten zan aita arek, egunez lan asko egin bear.

Ontarako gogoa ta indarrak ere, luzara gabe, galdu zituan.

Gero, dirua aurreratu ziotenai, ezin erantzun.

Sendagarri-sal-erosketan berriz, danak bera bezin zuzenak eta zintzoak ziralakoan, agiri gabeko zor-dun asko ta asko.

On pusketa besterik etzan Enrike gizajoa, zor aundietan ziaro katramillatuta zegon.

Bazituan, bai, bi arreba aberats-xamarrak.

Auek beren anaiaren zorren jabe egin ziran.

Alaz guztiaz ere, laguntza onek etzituan zuzendu gauzak.

Ain aundiak izan nunbait zor aiek, bi arrebak ere lurra jota gelditu ziran.

Len bizi-bide errezetik oituta zeudenen artean, gosea, gaxotasuna, malkoak... besterik etzan agiri.